Skip to main content

Otsailaren 18an eta 19an Taghazouten (Maroko) izan zen Europako Rip Curl Grom Search txapelketa irabazi zuen Saioa Ortega sopeloztarrak 16 urtez azpikoen kategorian gailendu zen 15 urteko gaztea, apirilean Australiako Bells Beachen egingo duten Munduko Txapelketara joateko txartela lortuz. Irabazterakoan, bere poztasuna ezin ezkutatu zegoela aitortu du, «horrek erakutsi dit kapaza naizela emaitza handiak lortzeko, eta asko motibatzen nau».

Aurretik, Euskal Herriko Surf Zirkuituan edo Espainiako Junior Open Zirkuituan ere gailentzetik dator, beraz, badaki irabaztea zer den. «Txapelketa guztietan ez nintzen hain ondo aritu, baina lortutako emaitza on guztiek aurrera jarraitzera animatzen naute», dio.

Apirilean, Australian lehiatuko duen finalerako prestatzeko denbora askorik ez duela azaldu du; hala ere, dioenez, «ahalik eta hoberen iristeko topera entrenatzen nabil». Horretarako, urte osoan zehar prestatzen da, surfean zein entrenamendu fisikoakaz. «Txapelketak baino lehen gehiago zentratzen gara eramango dugun estrategian», nabarmendu du. Horretarako, Jatyr Berasaluce da bere entrenatzailea, eta Evgeny Zootev du prestatzaile fisiko. Normalean, Sopelako Barinatxe hondartzan entrenatzen duela dio, «baina itsasoaren egoeraren arabera mugitu egiten gara».

Horrez gain, gurasoen eta Ander Deuna Ikastolako irakasleen laguntza ere ezinbestekoak dituela dio: «Gurasoek asko laguntzen naute entrenatzera eta txapelketetara nirekin datozelako. Horrez gain, irakasleek ere nahiko laguntzen naute, kanpora lehiatzera noanean azterketak atzeratzen dizkidatelako, besteak beste».

Close Menu

Gatzarriñe 47, 48600 Sopela (Bizkaia)

Telefonoa
+34 946 760 266

Helbide elektronikoa
info@anderdeuna.eus