Skip to main content

Euskal Herria oinarri eta auzolana lanabes dituen ekimen herritarra da Errigora. Nafarroa hegoalde eta erdialdea du ardatz eta euskara ofiziala ez den zonaldean eragin nahi du, eremu horretakoak propio diren elikagaiei Euskal Herrian bidea emanez, euskaratik, euskararako eta euskaraz. Egunetik egunera gero eta zabalagoa den komunitate batek ematen dio gorputza ekimenari; ilusioz eta anbizioz ari diren herritar, nekazari, ekoizle, euskaltzale eta kontsumitzaileez osatutako sare anitz batek. Txikitasunetik herrilan handi bat gauzatu nahi dute, Nafarroak Euskal Herria behar duelako eta Euskal Herriak Nafarroa behar duelako.

Udazkenetako kanpaina da Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka: Nafarroa hegoalde eta erdialdeko produktuz osatutako saskiak milaka etxetara eramaten dituzte, eta, auzolanari esker, bertako euskalgintzari ekarpen-ekonomiko garrantzitsua egiten zaio (saski bakoitzaren balioaren %25). Ekarpen hori ezinbestekoa da zonaldeko ikastolentzat eta AEK-ren euskaltegientzat, baita sare publikoan D eredua sustatzeko dinamikentzat ere. Gainera, Agerraldia mugimenduaren iturburu eta sustengu ere bada; zonaldean euskararen ezagutza eta erabilera bultzatzeko eta bere aldeko jarrerak indartzeko lan egiteko baliabideak eskaintzen dizkio.

Aurten saski bakarra egongo da. 23 ekoizleren 9 produktu ekologiko eta konbentzionalak nahasian.

Eskaera egiteko epea azaroaren 9an amaitzen da. Banaketa-gune bezala Ander Deuna Ikastola aukeratu eta bulegoan jaso ahal izango duzu eskaera.

Close Menu

Gatzarriñe 47, 48600 Sopela (Bizkaia)

Telefonoa
+34 946 760 266

Helbide elektronikoa
info@anderdeuna.eus