Helbidea
Gatzarriñe 47, 48600 Sopela (Bizkaia)
Proiektuak
KiVa
Bullying-aren aurkako programa da Kiva, ikerketan eta froga ziurretan oinarritutakoa. Turkuko Unibertsitatean garatu da, Finlandian, bertako Hezkuntza eta Kultura Ministerioak finantzatuta. Zientifikoki frogatu da KiVaren eraginkortasun handia, Finlandia mailan ausaz eta modu kontrolatuan egindako saiakuntza handi baten eta hainbat azterlanen bitartez. Mundu osoan zehar erabiltzen ari dira KiVa. Gainera, munduan gehien aztertu izan den bullying-aren aurkako programa da.
KiVaren helburua bullying-ari aurrea hartzea eta bullying kasuei eraginkortasunez aurre egitea da. Hamarkadetan zehar bullying-aren eta haren mekanismoen inguruan egindako ikerketa zabalean oinarrituta dago programa. Hiru elementu nagusi ditu ardatz: aurrea hartzea, esku hartzea eta jarraipena egitea.
Hezkidetza
Ander Deuna ikastolan gizarte parekide baten alde lan egiten dugu, etorkizuneko belaunaldiak izango direnek berdintasunean oinarritutako hezkuntza jaso dezaten. Izan ere, genero-arrakalarik gabeko ikastola izatea da gure helburua eta hori lortzeko bidea hezkidetza da.
Baina zer da Hezkidetza? Sexismorik gabeko hezkuntza da. Sexismoak eta genero-estereotipoek nesken eta mutilen giza garapena oztopatu eta beraien arteko sozializaioa mugatzen dute. Kontuan izan behar dugu genero-arrakalak ez duela norberaren garapen askea ahalbideratzen.
Hori dela eta, ezinbestekoa da ikastolak espazio askeak sortzea, ikasleei sexismoa detektatzeko baliabideak eskaintzea, historiak isildutako ahotsei lekua ematea, genero-estereotipoak alde batera uztea, ikusezina izan dena ikustaraztea… Azken finean, lortu nahi duguna da berdintasunean haztea, heztea eta berdintasunezko harremanak eraikitzea. Horrela indarkeria matxistarik gabeko ikastola eta gizartea hurbilago egongo baitira.
Eskola Agenda 2030
Eskola Agenda 2030 ikastetxearen iraunkortasunerako eta kalitaterako hezkuntza-programa bat da. Komunitatearen partaidetzan oinarritzen da, eta udalerriko garapen iraunkorrean esku hartu eta laguntzen du.
Honako helburuak sustatzen ditugu:
Tokiko Eskola Agenda 2030ean parte hartu (Sopela, Uribe Kosta).
Ikastolako komunitatea ingurugiroarekiko sentsibilizatu.
Ikastolako komunitatea partaidetzara bultzatu.
Jasangarritasuna lortzeko ekintzak sustatu ikastolan.
Hizpro
Ikastolaren Hizkuntz Proiektua, ikastolan lantzen diren hizkuntzen ikaskuntza-irakaskuntza eta erabilerari dagozkien alderdiak bildu eta haien trataerari koherentzia ematen dion markoa da. Ikastolarentzat proiektu estrategikoa da, dudarik gabe, Hizkuntz Proiektua: Ikastolako eremu guztietan eragiten du eta komunitate osoaren ardura eta parte-hartzea eskatzen du.
Hizkuntz Proiektuaren markoa eskolako komunikazio-eremuen baitan garatu beharko da; izan ere, eremu horietako bakoitzak berezko ezaugarri soziolinguistikoak ditu eta horiei erantzunez berari asko hizkuntz erabilerak sortzen dira bakoitzean.
STEAM
Inspira STEAM proiektu aitzindaria da nesken artean bokazio zientifiko-teknologikoa sustatzeko. Ikerketa, zientzia eta teknologiaren arloko emakume profesionalek ematen dituzten sentsibilizazio- eta orientazio-ekintzetan oinarritzen da.
Proiektuaren muina emakume aholkulariak dira. Aholkulari horiek borondatez haien eguneroko bizitza azaltzen diete neska-mutilei..Denak dira zientzialariak eta teknologoak eta hainbat arlotan dihardute lanean: irakaskuntzan, enpresan, ikerketan, kudeaketan, etab.
IKT
Urteak dira Ander Deuna Ikastolak digitalizazio prozesuari ekin ziola. Lehenago ordenagailuen erabilpena gauzatzen zen arren, 2008tik aurrera, Eusko Jaurlaritzako Eskola 2.0 proiektuari esker, geletan teknologia berriak sartzeari ekin zitzaion eta ikasle eta irakasleak ordenagailuak erabiltzen hasi ziren.
2012an lehen Chromebook eskaera gauzatu zen. Momentu horretatik aurrera, dispositiboak gero eta garrantzia gehiago hartzen joan ziren, ikasleen curriculumaren baitan zehazten den irteera profilari dagozkion konpetentzia askotan berebiziko garrantzia hartuta.
10 urteko ibilbidearen ondoren LH 4 eta Batxilergoko 2.mailaren artean 1×1 eredua bermatuta daukagu ikasle eta irakasleei dagokienez (guztira, 750 dispositibotik gora). Honen bitartez, liburu digitalak eta bestelako baliabide digitalak hezkuntza prozesuaren egunerokotasunean normaltasun osoz erabiltzea sustatu da (honek paperaren erabilpena murriztea ere ekarri duelarik).
Aurrera begira dauden erronken artean, Europar Batasunetik datorren digitalizazio proiektuaren baitan, gure digitalizazio proiektu propioaren garapena daukagu esku artean eta honekin lotuta DIGIPREST egitasmoa. Honi esker gure irakasle taldeak konpetentzia digitalaren inguruko formakuntza jasoko du, Europar marko horren baitan zehaztutako jakintza maila erakusten duen titulazioa jasoz.