Skip to main content

Euskal Herriaren luze-zabaleko 115 ikastoletako lehendakariek agerraldia egin dute, azken boladan ikastolen inguruan izandako auzien balorazioa egiteko eta emandako erantzuna goratzeko.

Bertan, ikastolen sarearen indarra, komunitatearen balioa eta Euskal Herri osoari egiten dioten ekarpena azpimarratu dituzte. “115 ikastola gara, baina herri bat josten dugu”, adierazi dute, ikastola bakoitza bere herrian sustraituta dagoela eta, aldi berean, Euskal Herri osoa lotzen duen sare baten parte dela nabarmenduz.

Azken hilabeteetan Lodosako Ibaialde Ikastolaren inguruan eta Nafarroako ikastolen alde sortutako babes sozial zabala sare horren indarraren adibide gisa jarri dute. Ikastolen esanetan, ikastola baten etorkizuna arriskuan jartzen denean, herri oso baten hezkuntza proiektua jartzen da jokoan, eta horregatik erantzuten dute tokian tokiko eragile zein pertsonek eta sare osoak elkarlanean.

Lehendakariek gogorarazi dute ikastolak Euskal Herritik sortutako eta Euskal Herriarentzat eraikitako hezkuntza proiektu integral bat direla: euskaraz, euskal curriculumetik, pedagogia propioarekin eta gizarte-onuraren ikuspegitik. Komunitatearen parte-hartzea, auzolana, konpromiso soziala eta eraldaketa pedagogikoa nabarmendu dituzte proiektuaren oinarri gisa.

Era berean, ikastolek, Euskal Herriak parez pare dituen erronka digital, sozial, pedagogiko eta linguistikoei erantzuteko elkarlana eta indarrak batzeko beharra azpimarratu dute. Horretarako, gainontzeko eragile eta erakundeekin lankidetzan aritzeko konpromisoa berretsi dute, herri gisa erantzun partekatuak eraikitzeko.

Amaitzeko, ikastolen mugimendua indartzen eta bere hezkuntza proiektua sendotzen ari direla adierazi dute, etorkizuneko Euskal Herria eraikitzen jarraitzeko. “Egunez egun eta herriz herri, herri bat euskaraz josten jarraituko dugu”, adierazi dute.

Close Menu

Gatzarriñe 47, 48600 Sopela (Bizkaia)

Telefonoa
+34 946 760 266

Helbide elektronikoa
info@anderdeuna.eus

Pribatutasun laburpena

Webgune honek cookieak erabiltzen ditu ahalik eta erabiltzaile-esperientzia onena eman ahal izateko. Cookie-ei buruzko informazioa zure nabigatzailean gordetzen da, eta gure webgunera itzultzen zarenean, cookie-ei buruzko informazioa ezagutzeko eta gure taldeari webguneko zer atal interesgarri eta erabilgarri dituen ulertzen laguntzeko funtzioak betetzen ditu.