KiVa Proiektua

 

Gure lankide den Iratxe Pinedo, Finlandian egon da KiVa proiektuaren inguruko formakuntza saio batzutan eta berton jardundakoaren inguruko elkarrizketa bat egin diogu:

Ikastola osoa inplikatu nahi du KiVa proiektuak

KIVA proiektuan formakuntza jaso duzu Finlandian. Zein da hurrengo pausoa?

Hara joandako 7 pertsonen ardura da orain KIVA ezarriko duten 52 ikastoletan Finlandian jasotakoaren berri ematea, prestakuntza saioak antolatzea eta urtarrilerako KIVA martxan jartzea. Lanean gaude dagoeneko!

Laburbilduz, KIVA...

Bullying edo eskola jazarpena saihesteko proiektu bat da. Ikasleekin bi saio egiten dira hilabetean, eta horietan jarduera eta jokoen bitartez emozioak, enpatia eta errespetua lantzen dira. Umeei besteen paperean jartzen irakastea da jardueren helburua, ondoren kide bat erasotua izaten ari dela ikusten dutenean, ikusle pasibo izan beharrean, beraien jarrera aktiboa eta erasoaren kontrakoa izan dadin. 

Emango zenuke jarduera baten adibidea?

Umeei argazki ezberdinak erakusten zaizkie. Argazkietan beste ume batzuk agertzen dira eta gure ikasleek zer gertatzen zaien somatu eta emozioei izena jarri behar diete: ikara, beldurra, itotasuna, haserrea, poztasuna, gogogabezia...Emozioei izena jartzea zaila da, baina jarrera aktibo bat lortzeko lehen pausoa da.   

Ikasleak dira orduan proiektuaren ardatza...

Ez, ikastola osoa inplikatu nahi du proiektuak. Abiapuntua ikasleak dira, noski, prebentzioa delako gakoa. Baina kasu baten aurrean, inplikatutako ikasleekin lantzen da arazoa eta gurasoei jarraitzeko urrats batzuk ematen zaizkie beraien seme-alabak biktima, erasotzaile edo lekuko diren heinean. Horretarako ikastolan KiVa talde bat osatu da: Ana Zabala orientatzailea, Miren Aristegi eta Marije Olamendi irakasleak eta ni neu koordinatzaile.  Bullying arazoen aurrean protokoloa jarriko dugu martxan. Biktima eta erasotzaileekin elkarrizketak izan eta behar diren neurriak hartuko ditugu.  

Jazarpenarekin bukatzeko tekla magikorik al dago?

Tekla magikoa taldea bera da. Erasotzaileari eta bere jarraitzaileei taldeak ematen dio boterea, isiltasun, pasibotasun eta barreen bitartez. Gelakideei jokatzeko modu ezberdinak daudela erakutsi behar zaie txikitatik, erasotuaren emozioak identifikatu eta isiltasuna eta barreak beharrean, erasotuari keinu bat egiteko, "zurekin gaude" bat esateko eta noski, laguntza eskaintzeko. Ikastola leku seguru bat dela sentitu behar dute guztiek, eskola jazarpenik onartzen ez duen leku bat.